Euskal Herriak milurteko aldi nahasietan barna osatu du bere historia, eta Aturritik Ebroraino lurralde ezaugarri berdinak eta anitzak dituen Herria hezur-mamitu du. Ia hiru milioi euskaldun gara, sei lurraldetan zabalduriko 20.800 km. karratuetan
Gure Herriak iragan hurbilean bizi izan ditu guda garaiak, inposaketak, oraindik berreskuratu gabe ditugun eskubideak indarrez kentzeak, horren ondorioz, XXI. Mendearen atarian, Euskal Herria, nazio izaera ukatzen dieten bi Estatuetan zatiturik aurkitzen da, oso errealitate politiko, kultural eta garapen ekonomiko eta geografiko ezberdinekin.
Baina Euskal Herriak historian zehar bere bidea egiten jarraitzeko borondateari eutsi egiten dio, egoera berri baten aurrean gaude Euskal Herriaren eraikuntza nazional eta demokratikoari ekiteko garai itxaropentsuan. Eta lehenagoko aldietan bezalatsu, zeregin eta lan horrek udal eta udal hautetsien ekarpena eskatzen du.
Otsailaren 6an, Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako alkate eta zinegotziok Iruñean bildu ondoren, bertan onartutako adierazpenean jasotzen ziren helburuak zituen udal oinarria duen euskal erakunde nazionala sortzea erabaki genuen. Erabakitakoak oinarri sendoak eta ulerterrazak zituen. Alde batetik, gu euskaldunak gara, beraz, nahiz eta gure izaera nazionala ezkutatzen duten zatiketak dirauten, beharrezkoa dugu gure Herriaren izatea ez ezik, beraren eraikuntzan aurrerapausoak emateko balioko duen tresna ere gure eskuetan izatea. Bestetik, euskaldunek udal ordezkariengan utzi zuten ardurari erantzun egokia eman nahi zitzaion, sei lurraldetako biztanleon arteko loturak bultzatuz.
Aurten, ekainean, lau lurraldetan hauteskundeak izan ondoren, Iruñean hautaturiko Batzorde Iraunkorraren prestaketa lanak burutu ondoren eta honek luzatutako proposamenari erantzunez, ekitaldi honetan aurkitzen garen Euskal Herriko alkate eta zinegotziok, Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarra, Udalbiltza deituriko lehen euskal nazio erakundea sortzea erabaki dugu, otsailean iragarri zen borondate politikoari jarraiki. Helburuak 99ko otsailaren 6an finkatutakoak dira, guk, beraien alde eta praktikara eramatearen alde egingo dugu lan.
Beraz, Udalbiltzaren jarduera, honako honetara bideratuko da:
1.- Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzea.
2.- Euskal Herriaren egitura politikoa erabiltzeari laguntza ematea, lurraldetasunaren lekuko izanik eta sei lurraldeetako udal ordezkariak esparru erkidean batzeko asmoz.
3.- Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratiko gisa ulerturik eta euskal herritar guztien erabakimen eta partehartze askean oinarriturik.
4.- Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, hizkuntza, kultura, kirola, ingurugiroa, lurraldearen antolaketa, ekonomi garapena eta ongizatea bezalako esparruetan udal ordezkarien ekintza bateratuei aukera emanez.
5.- Nazioartean, Euskal Herria nazio berezkoa eta desberdindua dela adieraztea, baita Euskal Herriak nazio gisa jardun nahi duela Europako geroko egituraketan eta instituzioetan ere.
Honela, euskaldunontzat, Udalbiltza udal hautetsien agintaldiaren iraupenera lotua dagoen erreferentzi instituzionalean bihurtzen da, bateratua, ordezkaritza daramana, demokratikoa eta lurraldetarra. Beronek nazio eraikuntza osatzen duten eta ezberdinen azterketa eta bultzadarako gogoeta leku izan behar duelarik.
Udalbiltzak, sinbolikoki eta praktikoki Euskal Herriaren lurraldetasuna adierazten du.
Udalbiltzak Nazio bezala aritzea ahalbideratzen digu.
Udalbiltzak, munduaren aurrean euskal Nazioaren izatea ikustaraztea gauzatzen digu.
Guretzat, Euskal Herriko udal hautetsiontzat, Udalbiltza erreferentzi politiko eta instituzionala bihurtu da, horregatik, Udaletxeko gure eguneroko lanean, Udalbiltzak hartutako erabakiak ardatz orientatzaileak izango dira, bertatik sortutako jarduera, gomendio eta iritzi errealitatera eramaten saiatuko garelarik.
Udalbiltzak udal kudeaketa eta aktiboan eta ekintza zehatzen bidez erakunde nazionalak dituen lortzera bideratu behar du bere zeregina.
Udalbiltzak, eta gaur hautatua izan den Batzorde Eragileak, helburu horiei begira hasten dute lana, eta gaur hautatua izan den Batzorde Eragileak, helburu helburu horiei begira hasten dute lana, horretarako, ezer baino lehen, abiapuntua zein den jakin behar da, Euskal Herria osoaren errealitate sozial, ekonomiko eta kulturala ezagutu behar dugu. Datuak, estadistikak, aldagai ekonomikoak, biztanleriaren piramideak eta abar luzea behar dugu, sei lurraldeen ikuspegia hartuz; gaur ez daukagu diagnostiko globala, Euskal Herriari ez zaiolako inoiz utzi bere ispiluan begiratzen.
Gainera, ezarritako helburu bakoitzak banakako eta aparteko tratamendua behar du, beraz, Udalbiltzak, gaur intentzio adierazpena izan denak, ahalik eta epe laburrenean zehaztasun praktikoa izan dezan, bere baitan, xede horri begira egokien diren neurriak hartu eta garatuko dituzten lan taldeak osatuko ditu.
Konpromezu honetan beste erakunde eta eragile ekonomiko, sozial eta sindikalekiko elkarlana bultzatuko dugu, baita gure Herriaren osotasunezko garapenak gidaturiko ekimenak ere. Nazio eraikuntzak herritar guztien partehartzeari irekia behar du izan. Etengabeko komunikazio eta elkarrizketa hori izango da, hain zuzen, Udalbiltza jardueraren ezaugarri nagusia.
Euskal Herriak, egitasmoa demokratikoa izaki, Udalbiltza bezalako erakunde baten premia du, herri gisa bere biziraupenaren iturririk oparoena den subjektu politikoa eta beronen lurraldetasuna zehazten baitu. Baina egitasmo horrek lurraldeen arteko barne egituratzea eta beronek hartuko duen eredu instituzionala zehaztea ere eskatzen du. Honi begira Udalbiltza, udalerriek dituzten aukera apartaz baliatuz, azterketa zein eztabaida zereginetan arituko da, lurralde historikoen nortasun eta erregimenekiko begirunearen printzipioari atxikiz.
Zeregin hauen gauzatze bidean Udalbiltzaren osatze ekitaldi hau urrats bat da. Gogotik saiatuko gara bultzatzen dugun Euskal Herriaren nazio eraikuntza euskal gizarteak gatazka, zatiketa edo ezarketa bezala ikusi ez dezan, herritar eta lurraldeen arteko ezagutza eta errespetuan zein euskal herritargoaren bategite askean oinarritutako elkarren arteko bateratze gisa baizik. Beti kultur, hizkuntza eta politika elkargo bereko partaide izateak batu egiten gaituela abiapuntutzat hartuta.
Euskal udal hautetsiak gara, eta euskal Nazioan sinesten dugu. Euskal herritar orori ezezik, beste udal ordezkariei ere une historiko honetako protagonista izateko deia luzatzen diegu, era horretan, etorkizun hurbilean, Euskal Herria bere orainaren jabe izanik, nazioarteko komunitatean bere nortasunaz jantzitako eragile politiko ezagutua izan dadin.
Ilusioa eta lanerako gaitasuna badugu, gure Herriaren historian zehar ezagutu gabeko jarduera politiko bateratuan oinarrituta, berea ez den beste errealitate politiko eraginkorrik onartzeari uko egiten dioten Estatu egituren inmobilismoa gainditzeko.
Euskal Herriaren etorkizuna euskaldunoi dagokigu. Gure herriaren garaia da.
Zorionak Euskal Herria!
Udalbiltza
Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarra
Euskalduna Jauregia, Bilbo, 1999ko irailaren 18an
![]() |